Harremanak

Tel.: 943 214977
E-maila: sanmarko@sanmarko.net

Pdf dokumentuak ezin badituzu irakurri, jeitsi ezazu Adobe Acrobat Reader.

Get Adobe Reader

Gipuzkoa osoan baino hondakin organiko gehiago biltzen da Usurbilen atez ateko bilketarekin Inprimatu E-posta
Ostirala, 2010(e)ko apirila(r)en 23-(e)an 12:49etan

Datu guztiak ikusi

Sanmarko Mankomunitateak Usurbilgo atez ateko gaikako bilketaren 2010eko emaitza ofizialak aurkeztu ditu gaur. Prentsaurrekoan Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren 5. edukiontziaren sistema eta atez atekoaren datuak alderatu dituzte. Aurkeztutako datuak GHKrenak dira. Ricardo Ortega eta Imanol Azpiroz, Sanmarko Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea, hurrenez hurren, eta Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Alkatea izan dira datu horien aurkezpenean.

Datuen alderaketatik ateratzen den ondorio nabarmenena da Usurbilen Gipuzkoa osoan baino hondakin organiko gehiago biltzen dela. Esaterako, Usurbilen (5.919 biztanle) martxoan 77.500 kilo bildu ziren eta Gipuzkoa osoan (87.275 biztanle) 68.951 kilo.

Ez hori bakarrik, gainera, Usurbilen biltzen den hondakinetan %1.03a bakarrik da inpropioa. Horrek esan nahi du oso kalitate oneko bilketa egiten dela. Ez da ahaztu behar, bestalde, datu hauetan guztietan Urbil Merkatalgunea eta Usurbilgo Industrigunea ere sartzen direla.

Atez atekoa 5. edukiontzia baino merkeagoa

Zerbitzuak beti izaten dira defizitarioak, baina, atez ateko bilketa eta 5. edukiontziaren sistema alderatuta, lehendabizikoak sortzen du defizit txikiagoa, alde nabarmenarekin, gainera. 173.171 euroko defizita atez ateko bilketak eta 339.835 eurokoa 5. edukiontziaren sistemak.

Bilketa bakarrik ez, hondakinen tratamendua ere merkeagoa da atez ateko sistemarekin; izan ere, errefusa tratatzea da kostuak gehien igotzen dituena, eta hori da, hain zuzen, Usurbilen nabarmen gutxitu dena.

Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak, atzo Ama Lurraren eguna izan zela baliatuta, usurbildarrak zoriondu nahi izan ditu Ama Lurraren zaintzan egin duten saiakerarengatik.

"5. edukiontziarekin airea jasotzen da"

Birziklatzea maximizatu ahal izateko, hondakin organikoa ahalik eta neurri handienean bildu behar dela esan du Imanol Azpirozek, eta hori ez dela bermatzen 5. edukiontziaren sistemarekin.

Edukiontzi horietako bakoitzak 600 kilo hondakin biltzeko edukiera du, gutxi gorabehera. Kasu onenean (Amaran), ordea,  40 kilo bildu dira gehienez kontenedoreko. Horrek esan nahi du, kamioia herriz herri joaten  dela airea biltzeko, gehien bat.

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak 5.edukiontziaren esperientzia pilotoa Gipuzkoa osora zabaldu nahi du, baina, Imanol Azpirozek esan du hori ez dela birziklatzea, makilatzea baizik. Izan ere, esate baterako Orion edo Getarian 4 edukiontzi bakarrik jarriko ditu hondakin organikoak biltzeko.



Sanmarkok sendo egin du hondakinen bilketa iraunkorraren alde

Usurbilgo (eta laster Hernani eta Oiartzun) atez ateko bilketaren bidez Sanmarko izan da Gipuzkoan bilketa iraunkorraren alde tinkoen egin duen erakundea. Gainera, Ricardo Ortegak adierazi du seguru daudela Gipuzkoako hondakinen arazoarentzako irtenbidea dutela: "Datuek hauek babesten dute hori, eta datuok Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarenak dira".

 

Datuen iturria: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa